
Ebaluazio Instituzionalerako Zerbitzuak (EIZ) “Akreditaziorako Prestakuntza Programa (APP)” izeneko proiektu pilotua sortu du akreditazioari dagokionean UPV/EHUko titulazio eta ikastegien benetako egoeraren diagnosia egiteko xedearekin. Proiektua bi fasetan banatuta dago: lehenengoak, akreditazioari dagokionean, ikastegiaren/titulazioaren egoera orokorra zein den erakutsiko digu, eta bigarrenak, lehenengo fasean bildutako proposamen eta gomendioak ikastegi/titulazio bakoitzean sartzeko ekintza-plana ezartzea izango du helburu. Akreditaziorako Prestakuntza Programaren helburua UPV/EHUko zuzendaritza-taldeei laguntza ematea da, etorkizuneko titulazioen akreditazio-prozesuei arrakastaz aurre egin diezaieten. Hortaz, lehenengo fase batean, APPak UPV/EHUko IKASTEGIEN EGOERARI BURUZKO DIAGNOSI-TXOSTENA egingo du, ikastegi bakoitzarentzako gomendioak egiteko helburuarekin, planteatutako galderen erantzunei ikastegiko arduradunek emandako erantzunak kontuan izanda. Ondoren, ikastegiak/titulazioak ekintza-plan bat abian jartzea espero da, akreditazioa lortzeari begira EIZek bildutako proposamenak eta gomendioak aurrera eramateko.
Lehenengo fasea aurrera eramateko proiektu pilotu bat jarri dugu abian, hiru ikastegiren lankidetzarekin: Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola (Donostia), Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea (Sarriko) eta Farmazia Fakultatea (Araba). Ikastegien aukeraketa honako irizpideon araberakoa izan zen: campusa (hiru campusak agertzea), fakultatea/eskola (biak agertzea) eta ebaluazio-prozesuetan parte hartzea.
Erabilitako metodologia zuzendaritza-taldeei ikastegiaren funtzionamenduari buruz daukaten ezagutza neurtzeko bidalitako galdera-sorta izan da. Galdera-sorta hori betetzeko irakasleen laguntzaz baliatzea gomendatu zaie, bereziki ikastegietan ematen diren titulazioei dagozkien puntuetan.
Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren irizpide, adierazle eta estandarretan oinarritutako galdera-sorta honek bi atal ditu. Lehenengoa ikastegiari buruzkoa da eta irizpide ezberdinei buruzko informazioa biltzen du: irakaskuntzaren plangintza, ikasleei emandako orientazioa, pertsonal akademikoa eta AZP, baliabideak eta zerbitzuak eta kalitate-bermea. Bigarrena lau irizpidetan banatuta dago: ikasketa-planaren helburuak, ikasleak onartzeko prozedura, irakaskuntzaren garapena eta ikasitakoaren ebaluazioa eta pertsonal akademikoa eta AZP. Galdera-sortak titulazioaren irudi ahalik eta objektiboena ematea du helburu eta horretarako, erantzun guztiak egiaztatu egin beharko dira.
Proiektu pilotu honetan parte hartu duten ikastegiei eskerrak eman nahi dizkiegu euren lankidetzagatik eta emandako iradokizunengatik. Iradokizun/ekarpen hauek behin betiko galdera-sorta egiteko balio izan digute.